Skip to main content

2. HIZTEGIAREN HISTORIA

Historia luzea du hiztegiak, luzeegia beharbada. Baina su motelean egindako babak gozoagoak izaten dira eta pentsa dezagun onerako izan dela atzerakizuna. Ehunak ehun lan baditu, hiztegiak ez gutxiago. Azkuek esana utzi zuen norbaiti hiztegi bat egitea bururatzen bazitzaion, kentzeko ideia hori burutik deabruaren tentazio txarrena balitz bezala, eta ez zitzaion arrazoirik falta.

2.1. Haurtzaroa: lehen bilketa lanak (1969-73)

1969 urtean hasi nintzen berbak batzen, helburu jakinik gabe. Pentsatzen jarrita, memoria txarrekoa naizelako hasiko nintzen seguruen, harribitxiak oroimenaren zuloetatik galtzeak amorru handia ematen zidalako edo. Sasoi hartan ez nekien gure eskualdean nire aurretik beste asko izan direla tentaldi berean eroritakoak, eta beste asko izango zirela geroago ere, gure eskualdea baita, zalantzarik gabe, Euskal Herrian herri-hiztegi gehien eta onenak egin dituena. Kandido Izagirre eta Toribio Etxebarria dira beharbada izen handienak, baina beste askok ere lan bikainak burutu dituzte, hiztegi honen iturriak zerrendatzen ditugun atalean ikusten den bezala.

Berbak entzun ahala apuntatu, hori izan da hasieratik erabilitako metodo nagusia. Baina hogeita hamabost urteko ibilbidean izan du gorabeherarik eta tarteko helmugarik hiztegi honek. Toribio Etxebarriaren Eibarko lexikoia eskuratzea deskubrimendu handia izan zen niretzat. Toribiok bere oroimena eta bere emaztearena ia lagun bakartzat hartuta, milaka hitzeko hiztegia ondu zuen Venezuelako atzerrian. Pertsonak bere herrian bezala, hitzak bere esaldian aurkitzen duela benetako bizitza eta zentzua, izan zen deserriratutako eibartarraren irakaspenetariko bat. Baserrian bildutako hitzak hartu, Toribioren liburua zabaldu eta osatzen hasi nintzen. Gauza bera egin nuen Azkuerekin. Horrela 1973an lau mila hitzeko lehen zerrenda osatu nuen, zerrenda soila, esaldi eta ohar batzuekin. Hiztegi guztiak dira asko edo gutxi besteen zordun, eta hau ez da salbuespena.

2.2. Mutiko-denbora: lehen fitxagintza. (1973-1985)

Zerrendak ia hamar urte igaro zituen kaxoiko lozorroan. 1982an, Jaurlaritzako Hezkuntza Saila sortu berriak plazaratutako ikerketa-beka bati heldu eta lehen fitxagintzari ekin nion. Lehenez gain, beste hiztegi batzuk arakatu nituen, asko markatu ninduen Kandido Izagirreren Oñatikoa, adibidez. 1985ean “bukatu” zen lana. 5.000 sarrera inguruko liburuki mekanografiatua entregatu nuen Gasteizen. Lanak ordurako zehaztua zuen bere ildo nagusietan orain duen sarrera-egitura: hitza mugagabean, mugatuan, azentua, frekuentzia, eta abar.

2.3. Gaztaroa: magnetofoi bidezko bilketak (1985-1988)

Hurrengo urteak erabakigarriak izango dira hiztegiarentzat. Ordura arte erabili gabeko tresna zoragarri batek markatuko du diferentzia: magnetofoiak. Gainera, UNEDen “B” eta “Sakontze mailako” hainbat lan monografiko lexikografiara bideratuko da. Botanika arloa jorratzeko ahalegin berezia egingo da. Jaione Isazelaia eta Iñaki Etxanizek Osintxuko euskara ikertzeko oso ikerketa baliotsuak egingo dituzte. Beste lan eta grabaketa asko ere egingo da bai kalean eta bai auzoetan 1988ko ekainean argitaratuko den Bergarako Euskera liburua osatzeko.

1987-88ko neguan egingo du Euskaltzaindiak Bergaran bere Atlas Linguistikorako datu bilketa. Gotzon Aurrekoetxearen laguntzaile izan ginen galdeketan zehar, geure apunteak hartuz eta grabaketak eginez. Oso galdeketa sakona izan zen, eta Zaldumendi baserriko Donato Ibarguren, berriz, lekuko aparta.

2.4. Helduaroa: Doktoradutza tesia. (1992-1997)

Ikastaroak burutzeaz batera, Ibon Sarasolaren zuzendaritzapean moldatu nuen hiztegi honen lehen bertsio osatua, tesi gisa aurkeztuko nuena 1997ko urtarrilean Gasteizko Filologia Fakultatean. Lan horretan, urteetan pilatutako materialaz gain, aipatu berri den Atlaseko grabazioak eta zalantzak argitze aldera gure ama Klementa Arregiri egindako hogei orduko galdeketa hustu ziren. Bederatzi mila sarrera eta beste hiru mila azpisarrera inguruko lana geratu zen.

2.5. Azken txanpa: eskualdeko iturri idatzien hustuketa eta argitaratze lanak. (1997-2004)

Azkeneko sasoi honetan, Bergaran zein eskualdeko beste herrietan egindako bilketa-lanak isuri nahi izan ditugu hiztegi honetara.

Lexiko orokorra apurka-apurka jaso ohi da, baina lexiko teknikoa eskuratzeko alorka joan beharra dago derrigorrez. Botanikan, adibide bat jartzearren, talde-lanean ikerketa egin aurretik 60 bat hitz genituen bakarrik jasoak, eta gero Bergarako Euskera-n argitaratu zen lanean 325 agertzen dira.

1993an Bergarako Udalak, Estepan Plazaola eta Anaje Narbaizaren bultzadaz eta UNEDen lankidetzaz, Lexiko Bereziak izeneko ikerketa programari ekin zion. 2003an amaitu ziren hasitako lan guztiak. Lau liburuki mardul argitaratu ziren tarte horretan. Jaione Isazelaiaren Ehungintza (1997), Amaia Olañeta eta Argiñe Urkiolaren Txondorrak, Karobiak, Elurzuloak (1998), Anaje Narbaizaren Zura: arotzak eta etxegileak (2001), eta Iñaki Arana eta Lide Oregiren Burdina: errementariak eta perratzaileak (2003).

Liburu hauetako edukiak sartutakoan amaitutzat eman genuen Bergarako hiztegia. Esan bezala, hasierako asmoa Bergara aldekoa bakarrik jasotzea zen, baina hizkuntzak mugarik ez duenez, eskualdea osotasunean hartzea komeni dela iritzirik, eta ditugun bilketa-lan bikainak miretsirik, pena eman zigun gauza zabalago bat ez egiteak, eta Deba ibaiaren iturrietatik Eibarrerainoko berba eta esaerak sartzea erabaki genuen. Ez ditugu, jakina, iturriak osorik agortu. Gure ustez interesgarriak diren berba eta esaerak aukeratu ditugu. Batetik, Bergaran ere esaten direla jakin arren ehizatu gabe genituenak, eta bestetik, guk dakigula Bergaran esaten ez direnak, edo beste esanahi bat dutenak.

Eibar da zalantzarik gabe horrelako lanetan aitzindari eta eredu Euskal Herri osoan. Herri horretan egindako lan hauek aztertu ditugu: Toribio Etxebarriaren Lexicón del euskera dialectal de Eibar. Arratetikuen izketia (1966); Juan San Martinen Eibarren erabiltzen diran burdilangintzako itz teknikoak (1958), Eztenkadak (1965) eta Zirikadak (1960); Juan Andres Argoitia, Nerea Azkarate eta Xabier Gezuragaren Eibarko euskeraren esakerak eta bestelako berezitasun batzuk (1995), Asier Sarasuaren Eibarko hegaztiak (1996), Asier Sarasua eta Serafin Basauriren Eibarko hiztegi etnografikoa (2003). Ibaian gora etorrita, Antzuola: Kandido Izagirreren “Notas bibliográficas” (1968), eta Jone Larrañagaren Antzuolako hizkera (1998). Oñati: Leonardo Zabaletaren “Apuntes de euskera” (1920), Kandido Izagirreren El vocabulario vasco de Aranzazu-Oñate (1970), eta Jerardo Elortzak igorritako hitz-zerrenda (2002). Arrasate: Jerardo Elortza, Eneritz Garro, Jose Luis Ormaetxea, Esteban Plazaola eta Jesus Mari Garairen Arrasateko Euskara (1999), eta Estepan Plazaolaren zerrenda (2002). Aretxabaleta: Koldo Zubizarretak bildutako zerrenda (2002). Gatzaga: Pedro Aranegiren Gatzaga, una aproximación a la vida de Leniz a comienzos del siglo XX (1986) liburutik ateratakoak. Aramaio: Txipi Ormaetxearen Aramaioko Euskara (2002). Hauetaz gain, Koldo Zuazoren Deba Ibarreko euskeria (1999), eta gure eskualdeko Badihardugu Elkarteak argitaratutako beste bi liburu: Koldo Zuazoren Deba Ibarreko Deba Ibarretik Euskal Herrira (2002), eta Alberto Telleria, Nekane San Migel eta Juan Martin Elexpururen Berbeta berua (2003).

Beste lagun batzuk ere pasatu zizkidaten berba zerrendak bere sasoian, Ikerne Mujikak Osintxu aldekoa, Markos Balentziagak Aranerrekakoa, Jaione Isazelaiak San Kristobal aldekoa eta Serafin Basaurik Eibarkoa, gogoan ditudanak aipatze arren. Eta hiztegia argitaratu aurretxoan hainbat laguni pasatu genion azken zirriborroa, zuzenketak, gehiketak eta kenketak proposa zitzaten. Sekula ezingo diet eskertu adiskide hauei hartu duten lana eta azken emaitzari egindako hobekuntza.