Skip to main content

-(e)ENA etxe izenetan

Etxe izenak osatzerakoan erabilia den beste bideetako bat, etxearen jabea edo bertan bizi dena adierazten duena.

Idatzizko lehenengo forma 1751koa da. Aurretik (eta baita gero ere) dokumentazioan erdarazko baliabideak erabiltzen dira –ENAren ordez, “Arexkurenaga de Juanzuri”, “Berecibar de Elcoro” eta halakoak.

1.- Zuzenean izenari lotuta:

  • Idatzizkoak: Anguiozar Miguelena (Migelena), Dominena (Elorregui Domiñana / Elorregui Dominena), Felicena, Jaunzuriena (Juanzuriena), Michelena, Miquelena, Nicolasena, Pauloena.
  • Ahozkoak: Juanajosepana, Anizetona, Beltxorrena, Domiñena, Elor Domiñena, Elorregi Domiñena, Dorotiana, Dorrafaelena, Jakobana / Jakobena, Anizetona, Jorkena, Txomiñena, Liburiona, Marijosepana, Meltxorrena, Mielena, Mitxelena, Paulona, Sebastianena, Zubiko Felisana, Saturdiñana, Jobitana

2.- Zuzenean abizenari lotuta:

  • Idatzizkoak: Aguirrerena, Aldecoena, Berraondoena, Eguibarrena, Garicau Marttisuizena, Mendigurenena,  Guesalena / Orbe-Guesalena.
  • Ahozkoak: Aldekona, Arruena, Azulana / Azulena, Elkona, Leon Intzana, Mobillasena, Otxoana, Kesalena, Zumana(?)

3.- Zuzenean ezizenari lotuta:

  • Idatzizkoak: Beatabasquena, Beracena, Ezquerrena, Urttinena, Artofraiscoena..
  • Ahozkoak: Beeko Kondiana, Biatiana, Etxetxona, Mariano Kojuana

4.- Lanbideari lotuta:

  • Idatzizkoak: Arocena, Marraqueroena. Bitxia honako kasua: Cigarrerocoena
  • Ahozkoak: Patxi Arotzena / Patxi Arotzana, Jardiñeruana, Bauleruana, Arotzena, Kamiñeruana.

Arotzenaren kasuan gerta liteke pluralaren eraginezkoa izatea.

Nabarmentzekoa da idatzizko eta ahozko erabileraren artean dagoen desberdintasun bat:

  • Idatzian bai kontsonantez osatutako izenekin eta baita  a, i eta o bokalez (Uz amaitutakorik ez dugu eta e-z amaitutakoak rena hartzen du) bukatutakoekin kasu guztietan –ena amaiera hartzen du: Pauloena, Juanzuriena, Artofraiscoena, Berraondoena, Ezquerrena, Marraqueroena… Salbuespena: Elorregi Domiñana (1909koa, Dominena ere agertzen da)
  • Ahozkoaren kasuan, berriz, bokalez bukatutakoetan ia kasu guztietan  –na bakarrik hartzen du: Paulona, Anizetona, Aldekona, Dorotiana, Liburiona, Elkona, Kamiñeruana… Hala ere, badira zenbait kasu –ena hartzen dutenak ere: Domiñena, Jakobena, Azulena, Patxi Arotzena … Edozein eratara, kasu guztiotan jaso dira –na amaieradun formak ere: Domiñana, Jakobana, Azulana, Patxi Arotzana...

Jose Luis Ormaetxearen Arrasateko Toponimia lanean jasotzen denaren arabera,  ematen du  -ena amaiera hau ahozkoan biziago dagoela Arrasaten Bergaran baino. Hona hemen bertako etxe-izen batzuen ahozko lekukotasunak: Lazauena (Lazaroena), Marduena (Mardona ere bai), Biziena, Murrixena… Edozein modutan, han ere idatziz -ENA erabat nagusi den arren asko, akaso gehienak, dira –NAz amaituak.

Arrasaten etxe-izen guztiok ENA amaierarekin arautu zituzten; Bergaran bokalez amaituak –NA amaieraz eman ditugu: Berraondona, Juantzuriña, Aldekona… Zalantzazko erabakia izan liteke.

Ikus honekin lotuta, -en eta –koaz osatutako –enekoa amaieraren inguruko txostentxoa. Bitxia da hemen bertan ikusi dugun  Cigarrerocoena forma, bi morfemoz osatua baina kontrako ordenan direla.

Estepan Plazaola, 2011ko azaroa