Ondorengo aldagai hauek ager daitezke hiztegi honetako sarrera bakoitzean:
- Sarrera (mugagabean eta mugatuan, izen eta adjektiboen kasuan).
- Azentua.
- Ezaguera maila: hitza zenbateraino den ezaguna edo erabilia.
- Kategoria gramatikala.
- Zein lekutan esaten den.
- Aldaerak.
- Landare eta abereen izen zientifikoa.
- Esanahia euskaraz, gazteleraz, edo bietara.
- Aipuak. Aipuen jatorria: lekukoa edo idatzizko iturria.
- Jakingarriak.
- Azpisarrerak: esapideak eta esaerak.
- Sinonimoak, antonimoak.
5.1.- Sarrera
Ia hiztegi guztietan mugagabean eman ohi da sarrera. Normala da hala izatea euskara estandarrean, baina lan dialektaletan hobe da gure ustez forma mugatua ere ipintzea, hizkuntza mintzatuan fenomeno fonetiko nabarmenak gertatzen baitira hitzari atzizki morfologikoak eransterakoan.
Hiztegi baten sarrera ez da fonetika, morfologia edo beste alor batzuetan sakontzeko lekua, baina hala ere, hona hemen zenbait argitasun hiztegia ulertzeko orduan lagungarri izan daitezkeenak. Esan beharra dago ondorengo oharrak Bergarari begira eginda daudela gehien bat.
5.1.1. Mugagabeko gorabeherak
-ae, -ai alternantzia hitz bukaeran: anáe/anai, aráe/arai, gálbae/galbai, gaztáe/gaztai, kanpáe/kanpai, katáe/katai... Oso adinekoek lehena darabilte gehien bat, baina bigarrena ere bai askotan. Gazteek bigarrena, forma diptongatua, alegia. Hitz zaharrak dira, eta ez denak maileguak.
Guztiek –ia dute forma mugatua: anáia, kanpáia, faltóia..., eta azentua azkenaurrekoan. Salbuespen bat aurkitu dugu: gálbaia.
-oe, -oi: balkóe/balkoi, botóe/botoi, faltóe/faltoi, melokotóe/melokotoi, trumóe/trumoi... Asko gazteleratiko maileguak dira, hizkuntza horretan –on amaitzen direnak. Adinaren araberakoa honen erabilpena ere.
-u, -o: Hitz batzuei bi bukaerok jarri dizkiogu: aseguru, -o, daratillu, -o, disimulu, -o, errezelu, -o... eta beste batzuei -o, -u: ardao, -u, gusto, -u, paiñolo, -u. Gure ustez adinekoek gehien darabilten forma jarri dugu lehenengo lekuan.
-a, -e: Badira bi amaierak hartzen dituzten berba banaka batzuk: kuma, -e, una, -e, giarra, -e, kalandra, -e...
-o, -a: Berba batzuk, gazteleraren imitazioz, forma maskulinoa eta femeninoa hartu dute, kalifikatiboetan batez ere: barriketoso, -a, inbirioso, -a, lelo, -a, memelo, -a, potolo, -a. Adberbioren bat ere topa daiteke: kejoso, -a. Izenak ere bai: maiorazko, -a, maistro, -a, nobixo, -a.
(-esa), -esía: Halakoren emaztea, familia ezagun batzuen kasuan: Monzonesía, Txantxotesía, Baskesía, Payrosesía...
5.1.2. Mugatukoak
Hitzak arau hauek betez hartzen du artikulua gure eskualdean:
a+a= -ia: alabia, gauzia, makillia...
e+a= -ia: esnia, etxia, semia. -ie zenbait lekutan, Leintzen esate baterako: esnie, etxie...
i+a= -ixa: ardixa, ogixa, zurixa. Leintzen -ixe: ardixe. Ostera, ipurdia esaten da ipurdixa baino gehiago. Gero badira mugagabean zein mugatuan berdin esaten direnak: distantzia, komenentzia, pazientzia, grazia..., eta x-rik hartzen ez dutenak.
o+a= -ua: astua, otsua, garua. Leintzen -ue: astue, otsue.
u+a= -ua: burua, eskua. Leintzen -ue: burue, eskue.
Osintxu, Elosu eta Angiozarko oso adinekoen artean ere aurki daitezke -ue, - ie eta horrelakoak: etxien, basuen..., batez ere hitz barruan: ugezaba, bieko, beintzet...
a berezkoari dagokionez, gure eskualdean oso ondo gorde dela esan daiteke, gipuzkerarekin alderatuz gero, bederen. Dena dela, badira bietara entzun daitezkeen hitzak, adinekoek gordetzeko eta gazteagoek kentzeko joera badute ere: abaill(a), erraill(a), frizti(xa), giltz(a), karabi(xa), naparri(xa), odi(xa)...
Gero badira mugagabeko forman bakarrik edo ia bakarrik erabiltzen diren hitzak: ugazaba, ama, aitta, izeko, tio, kaka, txixa... Eta baita mugatuan ia bakarrik entzuten direnak; zenbait adjetibo adierazkor: aparta, bapeza, ezebeza, galanta, iritzixa...; edo zenbatzaile adierazkor: eszesua, pestia, plagia, pikardixia...
Badira, bestalde, singularrean bakarrik erabili ohi direnak: frikatxa, galtzu, koko, jente, orbel... Edo pluralean bakarrik edo ia bakarrik: aseguru, bibote, burukantsaziño, elizta, eztegu, ondasun, zipriztiñ...
5.2.- Azentua
Asko aldatzen da hitzen azentua herri batetik bestera, eta horrekin batera berbetaren entonazioa edo soinua. Uste zabalduaren arabera, Leintz aldeko berbeta “takar samarra” da: bajátozak mondráutarrak takárran. Oñatiarrak xik eta xok ibiltzen dira, bergararrak geldo xamarrak gara, mokoluak, ingurukoen esanetan. Eibarren, berriz, patxada handiz egiten da berba, dena ondo ahoskatuz...
Bergaran azken aurreko silaba azentuatzeko joera dago: Bixkarrían eruan-néban alabía San Martzialéra, da bergararraren estereotipoa. Baina honek egiatik beste gezurretik du. Egia da azken aurrekoa indartzeko joera nagusi dela –eta joera honek aspaldikoa dirudi, nahiz eta adin handikoengan ez hain nabarmena izan–, baina hortik hitz guztiak horrela azentuatzera alde handia dago. Gure herriko azentua bi multzotan sailka daiteke:
a) azentu finkoaduten hitzak. Beti silaba berean dutenak, hitzaren forma edo luzera edozein dela ere: ápixa, ápixia, ápixetara...; estúasun, estúasunian, estúasunerako...
b) azentu mugikorra dutenak. Azken aurrekoan (-2) dutenak, hitzak edozein luzera edo forma hartzen duela: alába, alabía, alabiandáko...
Edozein modutan, azentuaren kontu hau uste baino konplikatuagoa da. Sarri sortu zaizkit zalantzak hiztegian azentua markatzerakoan. Batzuetan bi modutara esan ohi dela adierazi da. Hitz bat baino geratu da ezer jarri gabe, garbi ez nuelako edo. Bergarako azentuazioa muturreko samarra da. Azken aurrekoan (-2 mugikorra) duen asko dagoen bezala, baita lehenengoan finkoa duena ere, hiru eta lau silabako berben artean.
Dena dela, garai bateko azentuazioa hankaz gora dabil belaunaldi berrietan. Egunetik egunera hitzak –2 mugikor bihurtzeko joera areagotzen ari da. Gu básarrira joaten ginen amándria ikustera, eta gure seme-alabak, ostera, basarríra doaz amandría ikustera.
Bergaratik kanpoko herrietan jasotako hitzei ez diegu azenturik jarri. Leintz eta Oñati aldean (eta baita Angiozar-Uberan ere) +2 (bigarren silaban azentu finkoa) da joera nagusia, baina denetik aurki daiteke, leku guztietan bezala.
5.3-. Ezaguera maila
Azkeneko belaunaldiotan lexiko ondare zaharra urtuz doa elurra eguzkitan bezala. Gure gurasoentzat eguneroko berba zirenak guri ezezagunak zaizkigu. Batetik, erdararen indarra izugarria da eta bere presentzia itogarria bizitza-esparru guztietan. Bestetik, gizartea kaletartu, hiritartu egin da. Jada inor gutxi bizi da baserritik edo eskulangintzatik, eta lanbide hauek ere aldaketa sakonak izan dituzte. Lehen aipatu dugun bezala, ofizio zahar askotako lexikoak ez du gaur erabilerarik. Gainera, naturarekin dugun harremana noizbehinkako, ia turistiko bihurtu da eta ez eguneroko eta ezinbesteko, antzina bezala. Lehengo txori edo landare berdintsuak bizi dira gure basoetan, baina ezikusi egiten ditugu eta ahaztu egin zaizkigu beren izen gehienak. Gauza jakina da hogeita bost urteko baserriko ilobak ez dituela ezagutzen bere aitajaunak edo amandreak dakizkien hitz erdiak ere. Ilobak, esan beharrik ez, beste asko daki erdaretatik edo euskara batutik hartutakoak, aitonak erabiltzen ez dituenak.
Egon, ama, aundi edo gero mundu guztiak dakizki, irazi, antzigar, sopanda edo zukurutz, aldiz, inor gutxik. Pentsatu dugu ezaguera aldetiko diferentzia hori nolabait adierazi beharra zegoela. Laburduren atalean hobeto zehazten da, baina alfabetoko lau letrak erabiliz markatu nahi izan dugu datu soziolinguistiko hori: a) oso ezaguna, b)nahiko ezaguna c) adineko hiztun onentzat ezaguna d) ia galdua. Gure uste eta intuizio hutsari jarraituz egin dugu mailaketa. Beraz, har bedi datua bere subjetibotasunean.
5.4.- Kategoria gramatikala
Batzuetan argigarri delakoan, kategoria gramatikalaren laburdura ere jarri dugu. Baina hiztegiaren azken fasean sartu ditugun gehientsuenei, batez ere Bergaratik kanpokoei, ez diegu marka hau ipini, labur beharrez edo. Aditzei bere jokaera seinalatu diegu gehienetan.
5.5.- Zein lekutan esaten den
Hitz batek herri edo auzo baten laburdurarik ez duenean esan nahi da hitz hori Bergaran esaten dela. Beste leku batzuetan ere esango da ziurrenik –eta esaten da gehienetan–. Leku-izena markatzen denean, berriz, adierazi nahi dugu gure ustez ez dela Bergaran edo Bergara gehienean esaten, baina bai zehazten den auzoan edo herrian. Sarrera askotan (Eib.), (Oñ.), (Lein.) bezalako laburdurak aurkituko ditugu. Horrek ez du esan nahi leku horietan bakarrik esaten direnik, leku horietan behintzat esaten direla baizik, eta, guk dakigula, Bergaran ez.
5.6.- Aldaerak
Sarrera letra beltzez jarri dugu eta aldaera(k) normalez.Edozenbat aldaera du zenbait hitzek: joan, juan, jun, fan, fuen, edota itxoin, itxain, itxein, etxoin, etxain... entzun daitezke asko edo gutxi Bergaratik irten barik. Horrelakoetan, gure ustez formarik erabiliena dena, edo biribilena, jarri dugu sarrera-hitz eta besteak aldaera gisa, baina maiz formarik erabiliena ez da izaten biribilena, eta orduan sortzen dira zalantzak.
LEINTZ | OÑATI | EIBAR |
---|---|---|
afixa, kaixola (L, O); apixa (B), abixa (E) aketixen; ipursaltoka (z) eguakotx; eguakoitz, bariku (B), ebaikoitz (O), barixaku (E) erdu; etorri, hatoz (z) erripa (L, O); aldats (E), aldapa (z) gatx (z); gaitz, zail (z) gomuta (L, O); akordu (z) gura, -e (z); nai (B) iñontz, garo; iñuntz (O), iruntz (Ub), intz (z) ira (z); garo (B, Antz) iratzartu; iratzarri (O), itzarri, itzartu (Ub, Ang), esnatu (B, E) ireztu; oiñaztu (z) itxi (z); laga (B, E) itxungi (L, O); atzeiñ, atxingi (Ang), emendau (B), amatau (E) jare eiñ (L, O); jareiñ, soltau (z) joskiñ (L, O); jostun (z) kamara (L, O); ganbara (z) kolera, -ie; asarre, -ia (z) kurtze (L, O); kurutze (z) laru; ori (z) loba; illoba (O), loiba (z) makatz (L, O); madari (z) mokill; erpill (B), zopill (E) ogigaztae (z); satandera (B, Antz) olasi (L, O); esola (z) pernill; urdaizpiko (z) ponderau (L, O); abonau, jaso (z) takarraran; añiketan (Aram), postaka (Gatz), a(i)ntxintxika (z) txikiñ (L, O); txiki (z) uger; igeri (z) ule (z); ille (B) ulu; txilixo, zarata (z) urun (z); iriñ (B, Antz) |
armiarma; amarratz (Ang), miarma (B), masma, marasma (E) apapuski; zapaburu (z) areka; erreten, zanga (z) arrapo; arrapau, lapurtu (z) berbalots; berbaro (z) beriela; belaxe, derrepente egusittako erropa; jaiegunetako erropa (z) enkanttau; satisfetxo (B) erlaiño; belaiño (z) etzilimo (L, O); etzikaramu (L), etzidamu (z) frantses-katu; jineta, katajineta (B), katapardo (E) gomuta (O, L); akordu (z). ibargi; euzkierripa (L), euzkibegi (B) ira(g)oko; joandaneko (z) irrizto; zirriztu (L), txirristu (B) ittoe; ittu (L), zaltai (B), korta (E) justuri; fusturi (L, O); trumoi (z) kalba egin; txarrittan (B), (eskuela) martxando (Elg, E) karapaixo (O, L); paskua-opil (B) latrontxa-kandela; garranga, izotz-kandela (z) marrajo; aizotz (z) meko eiñ; pot eiñ (z) puxeta (L, O); lixiba (z) sakapon; tortolos (z), txantxiku; ugaxo (Aram), ugarixo (B), ugaratxo (E, O) txipilipeta; mitxeleta, tximeleta (z) txorimalo; buruhaundi, kabezudo (z) trill egin; trikitx egin (O), trink egin (B), tonk eiñ (E) txu (L, O); txistu (z) |
abendu; arraipardo (z) ardi; arkakuxu (z) arriabar; arri (z) arrio eiñ; atzeraka eiñ (z) bezau; ezi (z) biargin; langille (z) buztarri; uztarri (z) duan; debalde (z) egundo; sekula, iñoiz (z) enor; garitxu, garatxo (z) enparau; gaiñetiko, osterantzeko (z) eritxi; iritzi (B), eretxi (L) foball; futbol (z) gandor; gangar (B), txantxar (L), kukur (O) granuja; mutiko (z) igabera; urtxakur (z) ipuru; arabaota (z) irakorri; garandu (E, B); karandu (L), urkuldu (z), aletu (z) kantina; marmitt (z) kopiñ; andere (B) kurrikak; porrikak (z) laba-txirtxil; kukaratxa (z) marraskillo; karakol (z) motxailla (E, O); ijitto, ijittano (z) nabo; arbi (z) otxin; diru (z) parra-parra; txirrista (z) peora; atarte, eskape (L), bebarru (O), atai (B) pitxada; dejada (z) saltamatxin; matxinsalto (z) sorgiñorratz; sakaojos (B). taratulu; daratillu (B), daratulu (z) tartako; tartamutu (z) txorokil; kaskara, artakaskara (z) txortabar; abarsorta (z) ur-buztan; usan (z). |
z: zabaldua; B: Bergara; E: Eibar; L: Leintz; O: Oñati; Ang: Angiozar; Antz: Antzuola; Aram: Aramaio; Elg: Elgeta; Ub: Ubera
5.7.- Landare eta abereen izen zientifikoa
Landare gehienei eta abere askori latinezko izen zientifikoa jarri diogu, oso lagungarria delako –ezinbestekoa ere bai askotan– identifikatzeko orduan.
5.8.- Esanahia
Ez da erraza esanahia azaltzeko bidea erabakitzea. Hiztegi hauez denez ez normatiboa, ez ohiko elebiduna, ez entziklopedikoa, pentsatu dugu ezin genuela bide bakarra eta zurruna erabili esanahia zehazterakoan. Berba askori gazteleraz jarri diogu, beste batzuei euskara hutsez, beste batzuei euskaraz eta gazteleraz. Hauetan, elkarren osagarriak dira maiz bi azalpenak. Garbi izan dugu helburua:berbaren esanahia bide batetik edo bestetik ahalik eta argien uztea.
Hitza ezaguna edo noizbait entzuna izan arren, inoiz gertatzen da zehatz ez jakitea zer esan nahi duen, edo zein testuingurutan erabiltzen den, edo inork erabiltzen duen, edo... Horrelakoetan, berba hiztegian ez sartzeko tentazioa izaten da, baina informazio apur bat izan dugunetan ipintzea nahiago izan dugu, zalantzak eta ezjakintasunak non ditugun azalduz, beti ere.
Adierazkortasun eta esanahi ñabardurei dagokienez, batzuetan laburduren bidez ahalegindu gara hitzaren esanahi-konnotazioak markatzen: adierazkorra, arrunkeria (Bergaran bastokerixia esango geniokeena), eufemismoa (obrau-kaka egin), haur-hizkuntza, lagunartekoa, umorezkoa, ironiazkoa, irudizkoa... Emakumeenak edo gizakumeenak soilik diren kalifikatzaileak ere markatu ditugu. Gizonezkoak gizajoak gara, adibidez, eta koittauak emakumeak.
Argotaren arazoa izan da garbiegi izan ez dugun beste kontu bat. Bada euskal argotik? Lanbide edo giro berezi eta itxietan sortzen da hitz edo esapide berezirik egun? Euskara orain baino osasun hobean zenean sortuko zen argota, baina orduan argoteko ziren hitzak desagertuta edo hizkuntza normalera pasatuta daude. Baina sortzen da gaur argotik? Ez gehiegi ziur asko. Hizkuntza-sen handiko talde ia elebakarrak komeni dira horretarako. Uste dugu zenbait girotan, baserritarren lagunartetan, adibidez, sortu sortzen dela, hilabeteak–eta batzuetan urteak ere bai– irauten dutela zenbait elementuk, baina azkenean hil egiten direla haize faltaz. Akordatzen naiz orain dela hogei bat urte gure lagunartean asko entzuten zela norberanismo hitza. Norberanismua, mundu honetako filosofia politiko nagusia: lelengo norberana eiñ, eta bestiak hor konpon. Aspaldian ez da entzuten, eta ez filosofia aldatu delako. Beste adibide bat: garai batean ikastolako 8. mailakoek (handienek) zeozezitos esaten zieten 7. mailakoei eta ezebezitos 6.ekoei. Asmakizun polita, nahiz eta kezkagarria izan erdal atzizkia. Gaur egunez omen da esaten. Lehen aipatu dugun Berbeta berua liburuko hainbat lehengai ere sartu dugu hiztegian. Ia denak jendearen ahotik jasoak dira, nahiz eta zenbait hitz eta esapide lagunarte edo pertsonabakarraren baitan bizi.
5.9.- Adibideak
Esanahiaren ondoren, esaldi bat edo gehiago dator gehienetan, hitza bere testuinguruan ikusteko. Asko grabatutako zintetatik hitzez hitz transkribatuak dira; ondoren, zein lekukorena den esaten da. Beste asko apunteetatik edo geure burutik atera dugu, beti ere esaten diren esaldiak gogora ekartzen ahaleginduta. Iturri idatzietatik jasotakoak ere ez dira gutxi, lehen esan bezala.
Transkribatzeko orduan, eskualde honetan aspaldi samarretik bereizten ez diren s-z eta ts-tz 4 batuan bezala idatzi ditugun arren, h-rikez dugu erabili, ill eta iñ hobetsi ditugu, itt5 eta indd bezala. Eztator, etzeban edo etxaku jarri dugu, hala entzuten direnean. Geuk transkribatutako testuetan, ahoskerari leial izaten saiatu gara. Bergarakoak ez diren testuetan, berriz, besteen transkripzioak errespetatu ditugu, lizentzia batzuk hartu ditugun arren.
5.10.- Jakingarriak
Adibideen ondoren, komenigarri iritzi diogunean, hitzari buruzko jakingarriak ipini ditugu, hizkuntzazkoak zein bestelakoak:langintza zaharren xehetasunak, ohiturak, sendabelarren erabilerak... Eskuarteko hau ez da hiztegi entziklopedikoa, baina bihar edo etziko eskualde entziklopediaren abiapuntua izan daiteke beharbada.
5.11-. Azpisarrerak
Ondoren, hitzaren azpisarrerak jarri ditugu: forma adberbialak, esapideak (modismo edo lokuzio ere deituak), esaera zaharrak eta abar. Hiztegi hau hitzari begira gehiago egin da esapide eta esaerei baino, baina azkenerako leku handia hartu dute hauek ere. Tesia zuzendu zidan Ibon Sarasolari sarri entzun diot esaten euskararen kalitatearen gatazka hitzaren esparruan adina hitz multzoarenean jokatzen dela gaur . “Maratillia” gaitzizenez ezagutzen zitzaion esango luke orain askok, eta Hilari Eguzkitzakoak, ostera, “Maratillia” esaten otxen gaitzizena zioskun. Formarik normalenak ere berrikasi beharrean gaude sarri, hain da handia dugun erdal interferentzia. Bildu ditugun esaera zahar eta atsotitzak ipini ditugu esapideen ondoren esaera izen soilarekin.
Nolanahi ere, ez da erraza hitz, esapide edo esaera honek hiztegian egotea merezi du eta beste honek berriz ez, erabakitzea. Hizkuntza bizi bat etengabe ari da sortzen. Orain betikotzat ditugun esapideak eta esaera zaharrak ere noizbait berriak izango ziren. Haretxek eitten dau animiakin berba, entzuten nion lana ia amaituta nuela lagun bati, barru-barrutik hitz egiten duen pertsona batez. Sekula ez diot beste inori entzun, baina zalantzan egon naiz sartu ala ez. Norbaitek esatea eta polita izatea aski da agian horrelako hiztegi baten lekua izateko.
5.12. Sinonimoak, antonimoak, ikus
Informazioa gurutzatu nahi izan dugu hiztegian barrena, beste hitz batzuetara bidalketak etengabe eginez. Horretarako, hitzen sinonimoak eta antonimoak seinalatu ditugu. Beste batzuetan Ik. (Ikus) jarri dugu, hitz horrek, sinonimoa ez izan arren, bestearekin zerikusia duelako, edota beste sarreraren azpian informazio osagarria aurki daitekeelako.
5.13. Irudiak
Mila irudi inguru ditu liburuak argazki, marrazki eta mapen artean. Jaione Isazelaiak hartu du bere gain zeregin horrek eman duen lan itzela. Berak aterakoak dira argazki asko eta asko, eta bera arduratu da gainerakoak eskuratzen. Berea da azalaren diseinua ere. Mila esker, Jaione. Beste argazki asko beste batzuek ateratakoak dira. Marrazkiak Josu Okina eta Igor Ortegarenak dira gehienak, Berrigara-n astez aste argitaratzen joan direnak. Eskualdeko eta Bergarako mapak Luis Lonbidek egin ditu. Mila esker guztiei.