Megalitoen izena arautzerakoan, zenbait zalantza izan dugu. B5Mn Gipuzkoako Karta Arkeologikoan jasota dauden eran agertzen dira izenak eta Bergarako Mapa Toponimikoa egiterakoan, izen horiek errespetatzea proposatu zuen Luis del Barrio kartaren egileetako batek, nahiz eta izen horietako batzuk euskarazko arauen ikuspegitik oso traketsak izan: Egizabalko Muñoa, Goinzarizelaia, Aitzpuruko Zabala, Irutontorreta Oeste, Kurutzebakaar, Keixetako Egiya Sur... Berak dioenez, irizpide onartua da edozein hizkuntzatan izenok berdin ematea, monumentuari hasieran izena eman zionaren aukera errespetatuaz.
Hala ere, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Estandarizazio teknikariaren iritziz, Euskaltzaindiak euskarazko onomastikarako finkatutako arauen arabera izendatu beharko lirateke. Azken aukera hori hobetsi dugu.