Skip to main content

OLA etxe izenetan

Etxe-izenen osaeran elementurik erabilienetako bat. Izen barruko erabilerari dagokionez, etxe-ren pareko –eta tegi-k ez bezalako- erabilera du toki-izenaren hasierako zein amaierako elementu gisa ager baitaiteke eta, izen arrunten gisara jokatuz, adjektiboak, atzizkiak… har baititzake. Orotariko Euskal Hiztegian jasotzen denaren arabera, esanahirik ohikoenak honakoak ditu: burdinola, alde batetik eta etxola edo bizilekua bestetik. Bestalde, Mitxelenak Apellidos Vascos-en dio kasu batzuetan, besterik barik, lekua ere adierazi ohi duela. Ez da beti erraza lekuizen bakoitzean olaren zein adiera hartuko beharko genukeen erabakitzea. Bergarako toponimiako datu-basean dokumentazioaren hasierako urteetatik agertzen zaizkigu ola-z osatutako etxe-izenak. Hona hemen idatziz dokumentatuta jaso ditugunak:   OLA, izenaren amaieran:
  • Pertsonaren izenari lotuta (Pertsona horren etxea): Nekolalde/Mekolalde, Mekolaeta, Antzola/Ansola, …
  • Pertsonaren ezizen edo ezaugarriren bati lotua (Pertsona horren etxea): Gorrola, Moçolaegui ??,
  • Lanbideari lotua:
  • Zertarakoa: Antzuola, Artola, Bildosola, Gaztandola, Artolazabal
  • Kokapena: Ibarrola, Aldaola,
  • Lekua: Loiola, Yraola, Pagaola, Uraola/Urola, Gorostola...
  • Bestelakoak: Odriozolanekua, Musacola, Goronsola/ Oronçola, Galarrolatza, Çuaçola, Zamiola,
  OLA, izenaren hasieran Adjektiboei,  atzizkiei… lotuta: Ola/Olea, Olabarrena, Olabarri, Olabarriaga, Olaetxeberri, Olaiturri, Olalde, Olaaldea, Olakorta, Olañeta, Olani, Olariaga, Olaso, Olazabal, Olaça Oçaeta.   Aipagarria da dokumentazioan izena eraskinik gabe agertzen den guztietan OLEA agertzen dela eta ez OLA. Ahoz berriz beti OLA jaso da eta ez OLIA. Arrasaten, berriz, OLIA erabiltzen da ahoz. Estepan Plazaola, 2011ko azaroa.