Skip to main content

Atari gisa

Bistan da boladan dagoela gure artean, azken urteotan, herri euskararen azterketa. Udal askok bultzatu dute nork bere herriko hizkerari buruzko azterlanen bat, bizpahiru urtetako –edo urte beteko– diru laguntza berezien bidez. Horren ondorioz hainbat argitalpen ikusi ditugu, hiztegi forman jeneralean, hemengo edo hango herriko euskarari buruz. Hiztegi lan horietako batzuk aski onak dira; beste batzuk, espero zenez, badaezpadakoagoak.

Juan Martin Elexpururen Bergara aldeko hiztegia ez da hiztegi horien zakuan sartzekoa. Lehenik, hitzaurrean bertan ikusten ahal denez, ez da bizpahiru urteko lanaren emaitza, uste askotako lanaren fruitua baizik, hogeita hamabosten bat urteko lanaren fruitua hain zuzen: denbora tarte hori dago ia haurtzaroan lehen bilketa lanak egin zituenetik azken urteotan egin duen Leintz-Aramaio, Oñati eta Eibar inguruko lekukotasun idatzien hustuketaraino.

Bestalde, Elexpururen hiztegiaren oinarri ia bakarra, beste batzuena ez bezala, ahozko lekukotasun ikaragarri ugari eta fidagarriek osatzen dute. Eta horien artean bere ama Klementa Arregiri egindako hogei orduko galdeketa, halabeharrez baina tamalez hiztegi honetan ematen ez dena. Ez dago hiztegi osoan, nik uste, egilearen burutik ateratako adibiderik. Ez dago, hortaz, kanpo kutsadurarik; hots, ez zaigu ematen jatortzat adibide sasikorik, biltzailearen buru halabeharrez erdarak edo batuak kutsatutik jalkirikorik.

Jakina denez, herri hizkeren galdeketek, bai hizkuntza atlasek eta orobat azterlan monografikoek, helburu filologikoa zuten hasiera batean. Ofizioko guziok dakigu, adibide bakarra eta etxekoa jartzearren, noraino erabili zituen K. Mitxelenak euskalki aldaerak euskara zaharraren berreraikuntzan. Ikuspegi horretatik ere Elexpururen lanakez du aitzakiarik. Horra, adibide gisa, azentu kontuak azaltzen jarri duen arreta, hitz soilaren eta hitz artikuludunaren azentu askotan desberdinak sistematikoki markatuz, esaterako.

Ez da zaila ikusten dialektologia azterketek oro har, eta herri hizkeren azterketek bereziki, dituzten mugak. Izan ere, zertaz ari gara “Bergarako hitzak”, adibidez, esaten dugunean? Garbi dago adigai horrek baduela gune trinko eta argi bat, denbora katearen une jakin batean bederen. Baina hori bezain argi dago kontzeptuaren mugak, aldiz, ezin lausoagoak direla. Bergarar bakoitzak bere hitz altxorra du, bere-berea eta berezia dena definizioz. Argi dago, alde batetik, ez dagoela Bergarako hizkeraren “jabe onena” den hiztunik; bestalde, inor gutxik onartuko luke aski dela hitz jakin bat bergararren baten ahotik entzutea, hitz hori, besterik gabe, Bergarako hiztegian sartzeko.

Mundu lauso horretan bada beste alderdi bat esaten ari garena bete-betean hartzen eta areago korapilatzen duena: denborarena. K. Zuazok ongi eta zehazki azaldu digu bere azken liburuan denok gutxi gorabehera genekiena, hau da, herri hizkerak aldatuz doazela, euskalkiak eta hizkuntza bezalaxe. Hortaz, eta arazoa koska bat estutuz, zertaz ari gara 2004. urteko Bergarako hizkeraz ari garenean?

Lausotasun horretan aterabideak emateko ahaleginean, bada Elexpururen lanean aipamen berezia merezi duen bat, hizkuntzaren egoeraz jabetzeko benetan argigarria delako. Bergarako Hiztegi honetan hitz guztiak ezaguera marka batekin agertzen dira, eta marka horren arabera, hitz bakoitzari buruz a) bergarar denek-edo ezagutzen duten, b) hiztun onek ezagutzen duten, c) adineko hiztun onek ezagutzen duten, edo d) galdutzat-edo jo daitekeen esaten zaigu. Informazio hau benetan jakingarria dela uste dut, alde askotatik jakingarria, eta herri hiztegi guztietan eman beharko litzatekeena.

Dena dela, ez dira, niretzat bederen, alde filologiko eta soziologiko hauek –azterketa filologiko eta soziologikoak egiteko bidea zabaltzen duten alde hauek hobeki esan– Elexpururen lanaren alderdirik garrantzizkoena. Izan ere, Elexpururen hiztegia da nork bere euskara batua euskara errealaz aberasteko eta osatzeko gaur egun aurki dezakeen aukerarik hoberenetakoa. Azal dezadan kontu hau xehetasun apur batekin.

Aipatu dut gorago Elexpuruk hiztegi hau ontzeko lanean bere ama Klementa Arregiri egin zion hogei orduko galdeketa. Ez da lehen aldia aitortzen dudana galdeketa hori irakurtzeak eragin zidan zirrara. Izan ere, pasarte askotan iruditzen zitzaidan nire ama Milagros azpeitiarra zela hizketan ari zena: zenbait adizki eta axaleko kontu gorabehera, antzeko esamoldeak, kideko esapideak, joskera berdintsuak, kontatzeko estrategia berberak ikusten nituen. Iñaki Segurola azpeitiarrak ere horrelako zerbait komentatu dit behin baino gehiagotan Elexpururen hiztegi hau dela eta. Urte batzuk geroago Patziku Perurenaren Leitzako errege erreginak izeneko liburu bikaina irakurri nuen; eta, nahiz eta testuok, teorian bederen, nire amaren euskalki berekoak ziren, ez nuen hor haren jardunaren islarik aurkitu. Horrek ikusarazi zidan badaudela euskaran “komunikazio euskalki” batzuk, ohiko euskalkiekin bat ez datozenak, eta, esamoldeen, esapideen, joskeren eta komunikazio estrategien mailan, beste batasun eremu batzuk markatzen dituztenak. Horietako eremu bat Urola aldeko eta Deba aldeko euskarak osatzen du nire ustez.

Hori alde batetik. Bestetik, inor gutxik ukatuko du Deba-Urola eskualde hori dela gaur egun euskara bizien eta sendoen dagoen eskualdea. Horrez gainera, eskualde hori bera da gaur egun euskara ”demografiko”aren erdigunea. Eta, kontua biribiltzeko, bizkaiera gipuzkoarrena eta gipuzkera bizkaitarrena biltzen dituen eskualde hori gertatzen da bizkaieraren eta gipuzkeraren arteko zubi, hots, euskarak egungo egunean bizi samar dituen bi euskalki bakarren arteko zubi.

Askotan mintzatu gara euskara batuak lagunarteko mailan dituen gabeziez. Ez dut, ez, nik hori ukatuko. Baina uste dut alferreko lana dela lagunarteko euskara bizi bat asmatzen abiatzea. Beti eman didate susmo txarra esapide eta joskera “jatorrak” asmatzen dihardutenek, are gehiago delako horiek filologoak direnean. Izan ere, hitzak, esapideak, joskerak sortzea hiztunei eta idazleei dagokie, eta jardunean ari direnean bakarrik, hau da, hizketan eta idazten ari direnean bakarrik. Hortaz, gauzak taxuz egiteko, hasieratik abiatu behar dugu; hau da, egungo hiztun onak eta seguruak erabiltzen duten hizkera bizia ezagutzetik eta aztertzetik.

Ahalegin horretan tresna aski egokia eskaini digu Juan Martin Elexpuruk: euskara bizienik dagoen eremuko euskal esapide, esamolde eta joskeren bilketa fidagarri bezain aberatsa. Ondegizula irakurle, batez ere idazlea bazara.

Ibon Sarasola (euskaltzaina)